Martxoak 22ko ekitaldirako deialdi bideoa

Ostiral honetan, Martxoak 22, Sortuk Sanagustin kulturgunean burutuko duen aurkezpen ekitaldira joateko deialdia eginez bideo hau prestatu du Azpeitiko Sortuk. Bertan, Sorturen egitasmoen berri eman nahi da ekitaldi honen bidez. Bertaratzeko gonbitea egin nahi zaie herritar guztiei. Ekitaldia arratsaldeko 19'00 tan izango da.


Sortuk Iruñean amaituko du bere eratze prozesua


Datorren Otsailaren 23an amaituko du Sortuk bere prozesu eratzailea Iruñean burutuko den Kongresuan.Ondoreneko Ekitaldi Nazionalarekin borobilduko da egun honi begirako egitasmoa. Honekin amaitutzat emango da hiru hilabetez luzatu den erditze politikoa.
Aurrez ordea, azken bi ponentzien alternatibak bozkatu beharko dira herrietan. Ardura desberdinetako hautagaiak bozka bidez onartzearekin batera. Azpeitiko kasuan, Otsailak 14an arratsaldeko zazpiretan deituta dagoen batzarrean burutuko dira bozketa hauek.

Sortuk sozioekonomia eta presoak izango ditu ardatz

Pasa den larunbatean amaitu zen Sorturen eratze prozesuari dagokion eztabaida. 50 lagunek parte hartu zuten batzarrean aurrera begira jorratu beharreko lehentasunezko lan ildoak eta berauek garatzeko antolakuntza ereduaz aritu zen bertan. Sozioekonomia eta presoak izan ziren eztabaidan leku gehien hartu zuten lan ildoak, eta etorkizunean lehenetsi beharrekoak ildoak hauek izan beharko liratekeela ondorioztatu zen. Bestetik herri dinamika eta lan instituzionala uztartzearen garrantziaz ere aritu ziren bertara gerturatutakoak. Otsailak 23an burutuko den Batzar Nazionala bitarte arduradunak zehazteko egitasmoari helduko dio Sortuk. Martxoan Azpeitian burutuko den herri ekitaldian arduradun hauek publiko egiteko asmoa dagoelarik. Ezkertiar eta abertzale guztien erreferentzia bilakatu nahi du Sortuk eta eginahal horretan bere kemen eta ilusio guztia jarriko du.

Larunbatean amaituko da Sorturen eratze prozesua

Hiru batzarren ostean Larunbat honetan, Urtarrilak 26, burutuko da Sorturen eratze prozesuaren azken batzarra. Aurrez Sorturen Oinarri Ideologikoak eta Ildo politikoa izan baziren aztergai, oraingo honetan Azpeitiri begirako ardatz estrategikoak zehaztu eta berauek garatzeko antolakuntza ereduaz arituko da batzarrean.
Hiru hilabetetako prozesu emankorraren ostean, erronka berriei egin beharko die aurre Sortuk aurrerantzean. Ugariak izan dira ibilbide honetan jasotako ekarpenak. Hemendik aurrera gaur egungo jendartearen problematikei eta prozesu politikoaren beharrei erantzungo dien politika abertzale eta ezkertiarrak jorratzea izango da Sorturen zeregin nagusia.
Goizeko 10etan izango da hitzordua Baigerako Areto nagusian. Bide batez, Sortuk dei egin nahi abertzale eta ezkertiar guztiei bertan parte hartu dezaten.

Sorturen Ildo Politikoaren eztabaida burutu da


Igaro den larunbatean, Abenduak 15, Sorturen eratze prozesuaren bigarren Herri Batzarra burutu zen. Oraingo honetan Sorturen Ildo Politikoaren ardatz nagusiak aztertu ziren.  Bertan parte hartu zuten 57 lagunak estrategia politikoa, taktika poltikoa, konfrontazio demokratikoa, gatazkaren konponbidea eta nazio eraikuntzaren inguruan aritu ziren. Ariketa desberdinen bidez, lantalde zein plenarioan, puntuz puntu Sortuk jorratu beharreko ildo politikoa zehazteko ahalegina egin zen batzarrean bildutakoen artean.
Aurrera darrai beraz eratze prozesuak, eta zentzu honetan aste honetan bertan, herriz herri jaso diren proposamen alternatiboak bozkatzeko saio berezia egingo da Abenduak 20, osteguna, arratsaldeko zazpiretan.

Abenduak 15.SORTUren Ildo Politikoa aztergai


Larunbat honetan, Abenduak 15, Sorturen eratze prozesuaren baitako bigarren Herri Batzarra burutuko da.Batzar hau Baigeran goizeko 10etan izango da eta bertan Sortuk jorratu beharreko Ildo Politikoa izango da aztergai. 85 lagunek parte hartu zuten lehendabiziko batzarrean Oinarri Ideologikoetan sakondu zen bezala, etorkizunari begirako ardatzak ezarri nahi dira oraingo honetan.Berriz ere, orduan bezala, ezkertiar eta abertzalea sentitzen den orok eztabaidako ateak irekita izango ditu.